Ikastaroaren xedeak: gure garaiak eta beraz gure herriaren egoera ardazten duten krisi nagusien ondorioak mahai gaineratzea, krisi horiei guztiei esparruz esparru nola aurre egiten ari garen ikustaraztea, sindemia honetan burujabetza ezaren ondorioez aritzea, jendarte eredu berri bat eraikitzeko herri gisa dugun burujabetzaren premiaz hausnartzea eta aurrera begira ditugun erronken aurrean, balizko bide, ekimen eta proposamenak eztabaidatu eta adostea.
UEUk eta Iratzar Fundazioak elkarlanean «Krisia(k) eta burujabetza(k) sindemia garaian» ikastaroa antolatu dugu. Ikastaroa, uztailaren 8an eta 9an, Baionako Bernat Etxepare Lizeoan izango da [presentziala]. Dagoeneko matrikula zabalik dago www.ueu.eus helbidean.
Garai inondik ere bereziak bizi ditugu. Hainbestetan erabili dugu une historikoaren aipua, ezen jada ez duen balio adierazi nahi dugunerako. Sistema kapitalista bezain zaharrak dira krisi ekonomikoak eta pandemiak ere izan dira sarri historian zehar. Oraingoan aldiz, krisi gehiago eta ugari pilatu zaizkigu eta trenbide ezberdinak elkartzen diren bidegurutze matxuratuan bezala, elkarren kontra egin dute krisi guztiek.
Ekologismoaren leloak hala dio: “globalean pentsatu, lokalean ekin”. Hala gabiltza gu ere, krisi horiei guztiei herri gisa nola aurre egin hausnartzen, antolatzen eta urratsak ematen. Alta, burujabetzen auzia inoiz baino premia larriagorekin mahai gaineratzen ari zaigu. Euskal Herriko emakume eta gizonon osasuna eta bizitza duina bermatu nahi dugun honetan, erabaki subiranoak hartzeko ditugun zailtasunak bere gordintasun osoan agerian jarri dira azkenaldian. Eta, hala ere, herri gisa antolatzen, ahalduntzen eta erabakiak hartzen dihardugu. Horretaz guztiaz hausnartu nahi dugu ikastaro baino, hausnarketa gune izan nahi duten topaketa hauetan.
HELBURUAK:
Krisi ekologikoa ate joka genuela abiatu genuen 2020. urtea. Aurretik, 2019ko martxoaren 8ko grebak zaintza krisia ere gure artean genuela mahai gaineratu zuen. Iazko martxoan ordea, pandemiak kolpatu, etxeratu eta kutsatu gintuen, osasun krisian bilakatuz. Horiek horrela, aurretik jada iragarritako krisi ekonomikoa gainera amildu zitzaigun. Aurreko guztiak gutxi ez eta gure herriraino iristen diren errefuxiatu eta etorkinek gogoratzen digute ere gure aberastasuna haien herrien miserietan oinarritutakoa dela eta horrek guztiak krisi humanitarioa ere sortzen duela. Krisi ugari eta burujabetza(k) gutxiegi.
· Gure garaiak eta beraz gure herriaren egoera ardazten duten krisi nagusien ondorioak mahai gaineratzea.
· Krisi horiei guztiei esparruz esparru nola aurre egiten ari garen ikustaraztea eta hausnartzea.
· Pandemia jada sindemia bihurtu zaigun garai honetan burujabetza ezaren ondorioez aritzea.
· Krisiak gainditu eta jendarte eredu berri bat eraikitzeko herri gisa dugun burujabetzaren premiaz hausnartzea.
· Aurrera begira ditugun erronken aurrean, balizko bide, ekimen eta proposamenak eztabaidatu eta adostea.
· Topaketaren ondorioak laburbiltzea eta horiekin zer egingo dugun denon artean adostea.
METODOLOGIA:
Hiru saio: 1.Krisien ondorioak, izaera eta zergatiak, 2.Burujabetza faltaren ondorioak eta beharrak eta 3.Sindemia garaia ardazten duten elementu sinbolikoak: pandemiaren irudiak, diskurtsoak eta musikak.
Saio bakoitzak hiru atal izango ditu:
· Mahai-inguru moduan garatuko den plenarioa.
· Lan taldeak. Dinamika parte hartzaileez lagunduta.
· Ondorioen bilduma
EGITARAUA [pdf]: