Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz ikerketa taldeak Nazionalismoari buruzko nazioarteko V. kongresua egingo du azaroaren 27an eta 28an, Bilboko Bizkaia Aretoan. Emergent sovereignties izenburupean, kongresuak estaturik gabeko nazionalismoen nortasun, lurralde eta estatu-eraikuntzak aztertuko ditu. Eta azaroaren 28an eta 29an Forum Subiranistak antolatutako VII Eskola Subiranistaren tartea izango da.
Mahai nagusietan honako gaiak eztabaidatuko dira: sezesio-prozesuak eta subiranotasuna ikuspegi geoestrategikotik; feminismoa, intersekzionalitatea eta nazionalismoa; burujabetza digitala eta estaturik gabeko nazioak; nazionalismoa eta dekolonitatearen teoriak edota subiranotasunaren erronka berriak.
Nola begiratzen zaio nazio eraikuntzari feminismotik? Naziogintza, estatugintza, mugimendu sezezionistak, eta beste zenbait gai jorratuko ditugu ikuspegi feministatik. Intersekzionalitatearen baitan nola gurutzatzen da nazioaren ardatza? Nolako harremana izan dute feminismoak eta nazionalismoak Euskal Herrian? Zer da feminismoa transbertsala izango duen estatugintza? Galdera horiei eta beste hainbati erantzuteko hiru hizlari egongo dira gurekin: Maria Rodó (Kataluniatik), Johannes HeB (Berlinetik) eta Mila Amurrio (Euskal Herritik). Gainera, mahai inguruaren gidari lanetan beste bi hizlari izango ditugu: Maider Galardi eta Olatz Dañobeitia..
Zeintzuk dira digitalizazioaren eta adimen artifizialaren esparruan mundu mailan ematen ari diren prozesuak eta urratsak? Nola eragiten digu horrek guztiak Euskal Herrian? Zer egiten ari gara eta zer egin dezakegu burujabetza digitalaren esparruan herri gisa? Horretaz arituko gara mahai inguru honetan eta Igor Calzada (Ikerbasque/EHU), Edu Apodaka edo Asier Amezaga (EHU) eta Olatz Arbelaitz (EHU/puntueus) izango ditugu hizlari moduan.
Subiranotasuna nazioartean: zer gertatzen da estatu boteretsuagoen interesak daudenean jokoan? Zer eragin dute nazioarteko harremanek eta geopolitikak herrialde baten subiranotasunean edo sezesioan? Zer aukera eta mehatxu ditu munduko potentzien interesen jomugan dagoen nazio batek bere subiranotasuna edo sezesioa garatzeko orduan? Groenlandiaren kasuan, sezesioak automatikoki subiranotasun handiagoa ekarriko luke? Edo beharbada autonomia galtzeko arriskua ekar lezake? Galdera horiek Groenlandiako kasura ekarriko ditu Maria Ackrének, Groenlandiako Unibertsitateko irakaslea Politika Zientzietan.
Nola aztertu emantzipaziorako bideak dekolonitatatearen ikuspegitik? Zehatzago esanda, herri indigenen gatazka etnikoak eta emantzipazio-prozesuak, zer nolako aukera analitikoa eskaintzen digute teoria dekolonialek kolonialitatearen zapalkuntzaren logika aztertzeko? Hego Ameriketako estatu-nazioen eraikuntza eta barne kolonialismoa, nor izan zen eraikuntza haietan (eta nor ez) autodeterminaziorako subjektua; zein izan zen eraikitako estatu haien rola komunitateetako mikro-gatazketan eta muturreko indarkeria-kasuetan; zer nolako indarra izan du indigenen antolaketa politikoaren kapital sozialak emantzipazio-mekanismoetan; edo nola gurutzatzen dira nazionalismoa, boterea eta generoa testuinguru haietan. Ikerketa-lerro horretako beritasunak ezagutuko ditugu. Mahai inguru hau Onintza Odriozolak (EHU) gidatuko du eta Nayua Aduhk, Iratxe Retolazak (Kultur Hezitzailea) eta Ibai Atutxak (Kultur teorialaria) parte hartuko dute.
Bestalde, Forum Subiranistarekin elkarlanean ESTATUAREN ETA SUBIRANOTASUN ALDARRIAREN "ITZULERA" antolatutako mahai inguru honetan estatuko soberanismoek krisi neoliberalaren testuinguruan eta estatuaren eta subiranotasunaren aldarriaren "itzulera"-ren aurrean dituzten erronken gaineko hausnarketa izango du helburu.
