ALBISTEAK


Nazioarteko begirada bat: segurtasuna, nazioarteko ordena eta burujabetzak hizpide


Otsailaren 1ean (asteazkena), 18:30ean, Iratzar fundazioaren YouTube kanalean, Elena Beloki, Martin Arbeo eta Andoni Olariaga zenbait gako argitzen saiatuko dira honako gai hauen inguruan: zibilizazio krisiaren kokapena nazioartean, joera geopolitikoak, geoekonomikoak eta sozioekonomikoak eta haien ondorio politikoak.

“Nazioarteko begirada bat: segurtasuna, nazioarteko ordena eta burujabetzak hizpide” izenburuarekin, Iratzar fundazioak 14. on-line solasaldia antolatu du otsailaren 1erako. Nazioarteko talaiatik, Elena Beloki, Martin Arbeo eta Andoni Olariaga zenbait gako argitzen saiatuko dira, egungo mehatxuak hizpide: gerra, eskubide galera, ezegonkortasun geopolitikoa, bizitzaren garestitzea, krisi ekologikoaren azkartzea, Europaren noraez kapitalista...
Euskal Herria ardatz atlantikoan kokatuta dago, ipar globalean eta mendebaldean.

Hortik abiatuta, alde batetik, IparHegoa fundazioko kide eta Talaia aldizkariko erredaktore Martin Arbeok Ukrainako gerraren kokapenaz eta ondorioez jardungo du. Bere ikuspuntutik eta begirada kritikoz, egoera eta joera geopolitikoa irakurtzeko pistak eskainiko dizkigu. Joera geopolitiko nabarmenena gerrak eragin duen oreka geoestrategikoaren aldaketa da, baina joera hori abian zen gerra aurretik ere. Ez gaude XX. mendeko aktore eta interesetan murgilduta, eskema berrietan baizik. Errusiak Ukraina inbaditu du, NATO bere burua armatzen eta zabaltzen ari da, Europar Batasuna NATOrekin lerratua dago...

Betaurreko zaharrak bidelagun, baina berriak behar. Nola kokatu interes geopolitiko gurutzatuen arteko bataila horretan?
Bestetik, testuinguru konplexu batean kokatuta, potentzien arteko lehia berri batean gaudela jakinik, hegemonia unipolar batetik hegemonia multipolar batera jauzi egiten ari garela kontutan izanda, Iratzar fundazioko kide eta Sortuko Nazioarteko arduradun Elena Belokik bere solasaldian aztertuko du zer esan nahi duen horrek munduko oreka geopolitikotik begiratuta eta zer-nolako ondorioak dituen Euskal Herrian.
Eskala txikiagoan, 2022an Europaren etorkizunaren eta paperaren inguruko eztabaida bizi-bizia egon behar zuen, baina Ukrainaren inbasioak eztabaida hoztu du, eta agertokia aldatu. Errusia Europatik urrundu eta Txinara hurbildu da, AEBen eragina handitu da...

Baina zer agertoki irekitzen ditu horrek? Estatu gabeko herrientzat abagunea ote da?
Ekonomia globalaren erronkak itzelak dira krisi testuinguru honetan: krisi ekologikoa, energiaren eta elikagaien eskasia eta garestitzea, zaintza eta migrazio krisiak, pribatizazioa... Testuingurua anbibalentea da, eliteetan erantzun desberdinak daude; eta ezkerrean ere irakurketa desberdinak: momentu keynesiarra dela, aukera leihoa dela, neoliberalismoaren bukaera, gerra erregimena nagusitzen ari dela... Nola irakurri hori guztia?

Neoliberalismoa garaipenera eraman zuten faktoreak agian baliagarri izan ahal zaizkigu gaurko testuinguruan. Aurrekoaren ildotik, zeintzuk dira gaurko arrisku eta aukera nagusienak ezkerrean?

Besteak beste, solaskideak galdera horiei erantzuten saiatuko dira Iratzar Kafean.




IRATZAR KAFEAK



MUNDUARI-SO



ESKAINTZAK



ERRIA




TWITTER