Sorturen 8. Nazio Konferentziaren baitan, memoriaren eraikuntzan sakontzen jarraitzeko Iratzarreko kideok solasaldi ezberdinak antolatu ditugu, ekainaren 27an arratsaldeko 17:30etatik aurrera, Abadiñoko Zelaietako probalekuan.
Franco 1975ean hil zen, baina agurtu baino lehen Anjel Otaegi eta Juan Paredes Manot "Txiki" ETAkideak eta FRAPeko Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena Bravo fusilatzeko agindua eman zuen, 1975eko irailaren 27an. Orduan abiatu zen trantsizio politikoa. Euskaldunek kaleak hartu zituzten, euren aldarrikapenak lau haizetara zabaltzeko eta edozer onartzeko prest ez zeudela erakusteko…50 urte betetzen diren honetan, atzera begiratzeko tartea hartuko dugu. Nola oroitu gertaera haiek? Zein irakaspen atera ditzakegu gaurko eta biharko erronka eta helburuei erantzuteko? Elena Belokik eta Floren Aoizek, Iraitz Mateoren gidaritzapean, garai hartako testuinguru politikoari erreparatu, eta esker abertzalearen ibilbidea aztertuko dute.
Jarraian, 19:15etan, eta aldi berean, 3 solasaldi ezberdin antolatu ditugu gaian sakontzeko:
Euskaldunaren barbarizazioa*
Demokratak ala biolentoak. Zibilizatuak ala barbaroak. Nortasun nazional espainiarra historikoki euskaldunarekiko aurkakotasunean eraiki dute. Etsaiaren eraikuntza ideologiko horrek gure menpekotasun egoera justifikatzeko zimendu gisa funtzionatu izan du. Nolakoa izan da eraikuntza hori?
Hizlariak: Iñaki Egaña eta Onintza Odriozola
Transmisioaren korapiloak*
Askapen prozesuak hamarkadak irauteko beharrezkoa da errelatoak eta memoria narratibak belaunaldiz belaunaldi transmititzea, baita irudiak, pentsamenduak eta ohiturak ere. Orain arte transmititutakoaz eta hemendik aurrera transmititu beharrekoaz arituko gara. Zer egon da lehen lerroan, eta zer itzalean? Zein eragin du adinak edo generoak horretan guztian? Hemendik aurrera, zer transmititu?
Hizlariak: Lur Albizu eta Olatz Dañobeitia
Euskal Kanta Errebeldea, gatazkaren soinu-banda*
Musika herri tresna da; askapen prozesuetan eta prozesu iraultzaileetan beti egoten da soinu banda bat, baita Euskal Herrian ere. Garaipenak, porrotak, ideiak eta aldarrikapenak zabaltzeko tresna da musika. Aztertu dezagun gure soinu-banda zein izan den.
Hizlaria: Lander Garcia