ALBISTEAK


"Garen Piztiaz Beste. Hitz egin liteke euskal transfeminismoaz?" Iparrorratza bildumaren liburuxka berria


Elene Lopetegik eta Iñi Etxezarretak Euskal Herri aske eta transfeminista ortzimuga izanik, Euskal Herria transfeminismotik irakurtzeko eta  transfeminismoa Euskal Herritik irudikatzeko gakoak jaso dituzte Iparrorratza bildumako 12. liburuxkan.

Elene Lopetegi eta Iñi Etxezarreta “Garen Piztiaz Beste. Hitz egin liteke euskal transfeminismoaz?" liburuxkaren idazleek, Iñigo Satrustegi, Txalaparta argitaletxeko editoreak, eta Andoni Olariaga, Iratzar fundazioko ordezkariak, Iparrorratza bildumaren liburu berria aurkeztu dute, gaur arratsaldean, Donostiako Teila fabrikan.

Iñik eta Elene, Elenek eta Iñi azaldu digute liburu honek asko duela pertsonaletik, eta asko teoriatik, sinisten dutelako pertsonala politikoa dela; eta lan honetan, zer garen eta zer izan nahi dugun, norbanako eta herri gisa, hausnartzeko aukera bat eskaintzen digute.

Gizon eta emakumerik gabeko herri bateranzko bidea egin nahi dute: menpeko harremanik gabea, bere zentzu zabal eta konkretuenean; harreman horiek nola eraikitzen diren aztertu, eta nola desegin proposatu; desegite horretarako alternatiba posibleak irudikatu, eta praktikan jarri; ardurak sailkatu, guri dagozkigunak hartu, eta gainerakoak dagozkionari hartzeko exijitu.

Ezin da berdintasunik egon aipaturiko kategorietan aurkakotasunean produzituak izan diren etsaiak direlako: patroi-desjabetu, menderatzile-esplotatu, senar-emazte, guraso-alaba. Gorputz askoren arteko desberdintasunak ez dira aldarri, errealitate baizik.

Piztiak, zomorroak, arraroak, eta, beraz, indarkeriak gurutzatuak. Biolentzia sortzen duen araua suntsitzea dugu helburu. Araua problematizatu behar da, eta beraz, desira ere bai. Desirak alda daitezke lekuz eta formaz. Era berean, gorputzak, estrategiak, hegemoniak eta arauak.

Egileak:

Elene Lopetegi Olea (Donostia, 1995). Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatua da. Gaztetan ikasle mugimenduan hasi zen militatzen eta geroztik hainbat herri mugimendu eta espaziotan aritu da. Azken urteetan, feminismoan eta espazio bolleroetan murgilduta ibili da nagusiki. Egun, Bilgune Feministako militantea da.

Iñi Etxezarreta Toca (Donostia, 1995). Gizarte Hezkuntzan graduatua da. Gaztetan ikasle mugimenduan hasi zen militatzen eta geroztik hainbat herri mugimendu eta espaziotan aritu da. Eihera kooperatibako kidea da, bertan, pedagogia feministak, LGTBI+ politiken diseinua, herri prozesu feministak eta gizonen desboteretzerako esku-hartzeak egiten ditu. Egun Donostiako Asanblada Transmaribolloko militantea da.

Iparrorratza bildumak ikerketa, gogoeta eta pentsamendu kritikoko planteamendu originalei erantzuten dieten gai berritzaileen liburuak eskaintzen du. Iratzar Fundazioak Txalapartarekin elkarlanean, gaur egungo eztabaidak jorratzen dituzte liburuxka arinen bitartez, borroka ideologikoa interpretatu eta horretan eragin nahian.





ERRIA



MUNDUARI-SO



ESKAINTZAK



IRATZAR KAFEAK