ALBISTEAK


Euskal feminismoaren eragin gaitasuna nabarmendu du Talaia Feministak


Hainbat eremutako 170 emakume feminista subiranista bildu gara Orereta/ Errenteriako Talaia Feminista Unean. 2023. urtea aztertu duen dosierra eta ondorioak landu ditugu; orain, behin betiko dosierra itxi eta dibulgazioari ekingo diogu.

Ariketa kolektibo zabala egin dugu emakume feminista, subiranista eta independentistak Talaia Feminista Unean. 2023. urtea begirada feminista eta subiranistatik aztertu duen behin-behineko dosierra izan dugu lanabes: bertako edukiak eta ondorioak landu ditugu.

Prozesu kolektibo baten emaitza da Talaia Feminista, baita dosierra bera ere; hala, gaurkoak emandakoarekin osatuko dugu behin betiko dosierra. Hurrengo erronka: ondorioak eragile politiko eta sozialekin lantzea, jendarte feminista bat eraikitzera bidean eragiteko, euskal estatu feminista ortzi-mugan.

Talde sustatzaileko kideen azalpenarekin ekin diogu egunari. Talaia Feministaren nondik norakoen eta dosierreko ardatzen kokapen labur bana egin dugu (eguraldia eta klima larrialdia, Greba Feminista Orokorra, bizitza garestitzea, indarkeria matxista, euskararen aurkako oldarraldia, eta abayaren debekua), baita ondorio orokorrena ere.

Jarraian, dosierreko ardatzen araberako lantaldeetan hausnartu dugu, eta ondorio orokorrak adostu. Mirari Martiarenaren bakarrizketarekin eta Nexklak taldearen musikaz girotuta amaitu dugu Talaia Feminista Unea, hausnarketarako espazioaz gain, elkartzeko eta harremanak sendotzeko topalekua ere badena.

Maider Barañanok aurkeztu ditu ondorio orokorrak; hori izan da eduki berriena eta orain arteko dosierrean jaso gabekoa. Hura osatzerakoan taldekideek ikuspegi orokorra eta sistemikoa izan dutela azaldu du, “aztertutako gertakariak elkarlotzen direlako eta patriarkatua prozesu zehatzen bidez berreraikitzen den sistema delako”.

Hala, sakoneko joerak identifikatu ditugu; negatiboen kasuan, ongizatea pribatizatzea, indarkeria dimentsio orotan, eta krisi ekologiko geldiezina nabarmendu ditugu. Positiboetan, berriz: feminismoaren eta haren erronken hegemonia soziala; emakumeen auto-antolaketa eta askotariko konfluentzietarako gaitasuna; ekonomia, gobernantza, politika eta beste hainbat arlo feminismotik eraldatzea xede duten alternatibak, lurraldeetan errotuta.

Hortik abiatuta, trantsizio feministaren bidean 2023ak izandako eragina ere hartu du hizpide Barañanok. Zenbait atzerapauso identifikatu dituztela azaldu du, besteak beste: bizi baldintzak gogortzea (krisi ekologikoa, bizitza garestitzea eta prekarietatean sakontzea, eta ezberdintasunak areagotzea, baita emakumeen artean ere), eta eliteen eta inpugnatutako sektoreen erreakzioa (euskararen aurkako oldarraldia, eskuin muturraren agenda normalizatzea...).

Haatik, badira aurrerapausoak ere: konfluentziak indartu dira, herri eztabaidak zabalduz eta sektore ezberdinak artikulatuz (hala nola, Greba Orokor Feministak zaintzaren auzian Herri Akordioarekin egin bezala, edo indarkeria kasuen aurrean Euskal Herrian sortu diren egitasmoetan); eta euskal feminismoak erantzuteko eta eragiteko gaitasuna erakutsi du.

 

Talaiaren begirada eraikitzen

Talaia Feministak emakumeen errealitate zehatzetik behatu ditu gertakari horiek. Horrekin batera, begirada subiranista ere badu (norbere bizitza, bizitza kolektiboa eta lurraldearen erabakitzeko gaitasuna kontuan izanik), eta begirada horretatik identifikatu dituzte, besteren artean, hiru ondorio nagusi: azterturiko gertakari guztiak eragien dute emakumeen eta euskal komunitatearen burujabetzetan; Greba Feminista Orokorra Euskal Herrian errotu da, eta berau jartzen du trantsio feministarako orube gisa, bertako jendartea eta eragileak interpelatuz –Talaiak ere horretan eragin nahi du–; euskararen aurkako oldarraldia bizitza, kolektibo eta lurraldearen aurkako erasoa da.

Eta Talaia Feministari berari dagokionez, ondorio argi bat adierazi dugu: “Prozesu kolektibo eta emankorra izan da, gure begirada eraikitzeko prozesua; hausnartzekoa, kontzeptuak eta estrategiak izendatzeko eta haietaz gogoetatzekoa”. Begirada horren konplexutasuna ere aipatu dugu, “euskal lurralde oro eta haietako aniztasuna” biltzea baitu helburu. Nolanahi ere, prozesua bera ikasteko baliagarria izan da, datozen dosierrak hobetzeko ondorioak ere atera baititugu.




IRATZAR KAFEAK



MUNDUARI-SO



ESKAINTZAK



ERRIA




TWITTER