ALBISTEAK


Europako Estaturik gabeko eta Nazionalitateen Kongresuaren mendeurrena gogora ekarri dugu Genevan


Iratzar Fundazioak Genevan parte hartu zuen Europako Nazionalitateen Kongresuaren mendeurrena gogoratzeko, herrien autodeterminazioaren eta etorkizuna erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaidan.

Iratzar Fundazioak urriaren 9an parte hartu zuen Genevan egindako nazioarteko topaketan, Europako Estaturik gabeko nazioen eta  Nazionalitateen Kongresuaren mendeurrena gogoratzeko. Ehun urte geroago, orduko eztabaidek gaurkotasun osoa dute oraindik: herrien eskubide politikoak, autodeterminazioa eta beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea.

Genevak leku berezia du Euskal Herriaren historian. 1920ko eta 1930eko hamarkadetan, Europako nazioetako eta gutxiengoetako ordezkariak hirian bildu ziren, Nazioen Elkartearen aurrean beren eskubideak aldarrikatzeko. Euskal ordezkariek ere Kongresuko hainbat sesiotan parte hartu zuten. Iratzar Fundazioak, horrenbestez, Euskal Herriaren presentzia eta nazioarteko eztabaida hartan izan zuen lekua nabarmendu nahi izan zituen.

Mendeurreneko jardunaldian, Kongresuaren historiaz ez ezik, gaur egungo nazioarteko ordenan herrien autodeterminazioak duen lekuaz ere eztabaidatu zuten. Besteak beste, Nicolas Levrat Nazio Batuen Gutxiengoen Gaietarako errelatore bereziak, Xosé M. Núñez Seixas historialariak, Kas Swerts ikertzaileak, Fernand de Varennes nazioarteko zuzenbidean adituak eta Anwen Elias politologoak hartu zuten parte.

Iratzar Fundazioak, bere aldetik, herriek beren antolaketa politikoa eta etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea jarri zuen mahai gainean. Horrez gain, Euskal Herriko lurraldeen arteko itun baten proposamena aurkeztu zuen, estatuen subiranotasunaren ohiko eredutik harago joan eta herrien arteko harremanak berdintasunean eta adostasunean oinarritzeko.

Genevako topaketak agerian utzi zuen duela ehun urte planteatutako auziek indarrean jarraitzen dutela. Herrien eskubideak aitortzea eta beren etorkizuna erabakitzeko aukera bermatzea erronka dira oraindik ere. Eztabaida horretan, Euskal Herriak badu bere ekarpena egiteko zein borondatea horren inguruko estatus berria eskuratzeko.
 

Europako Nazionalitateen Kongresuaren 100. urteurrenaren kartela, Geneva 2026

Deskargatu Iratzar Fundazioaren hitzaldia (ingelesez)





ERRIA



MUNDUARI-SO



ESKAINTZAK



IRATZAR KAFEAK