Iratzar fundazioak antolatutako "Iratzar Kafeak" egitasmoaren 20. solasaldi honetan, eskuin muturraren helburuak, bere gorakadaren gakoak, bere diskurtso eta ezaugarrien garapena eta eragina eta pentsamendu ultraeskuindarrak, Euskal Herrian duen eragina azpimarratuko dituzte, besteak beste, June Iartzak eta Iker Eizagirrek, solaskideek.
Eskuin berriaren garaipena ez datza bakarrik autentikotasun eta kontestatario izaeran; Alderantziz, azken urteetan gizartearen zentzu komunaren bila joan dira. 2008ko krisi ekonomikoak, dorre bikien erorketa eta errefuxiatuen krisi globalak hauspotu dute norabide aldaketa hori. Izan ere, aurreko gertakariek “bestearekiko” deskonfiantza eta segurtasun ekonomiko, identitario eta politiko eza areagotu dute.
Eta horretarako, zentzu komun hori disputatzeko, eskuin muturrak ez du zalantza egin ezkerraren erreibindikazio, hiztegi, mito ala erreferentzia historikoak aldarrikatzeari. Hori da, adibidez, Italiako Giorgia Meloniren eta Frantziako Marine Le Penen mugimenduen kasua.
Izan ere, eskuin muturra heterogeneoa bada ere, oinarrian hainbat gauzek bat egiten dute: anti-imigrazioa, feminismoaren eta LGTBIQ+-ren kontrako agenda, krisi klimatikoaren kontrako agenda, nazionalismo eta identitarismo baztertzailea, eta askatasunaren defentsa. Alegia, funtsean, gizakiari munduan egoteko betaurreko batzuk ematen dizkio, ez agenda sozial eta ekonomiko bat.
Iartzak eta Eizagirrek eskuin muturrari buruzko gogoeta eskainiko digute, Iratzar fundazioak antolatutako Iratzar Kafeak egitasmoaren 20. solasaldi honetan.
Solasaldia Iratzar Fundazioko YouTube kanalean ikus-entzungai, zuzenean, irailaren 26an [asteartea] 18:30etan eta txata zabalik izango dugu galderak luzatu nahi dituztenentzat.