Alba Garmendia, "ETXEKO LEIHOAK UNIBERTSORA. UTOPIAK PENTSATZEKO MARKO BAT" liburuaren idazleak, Iñigo Satrustegi, Txalaparta argitaletxeko editoreak, eta Andoni Olariaga, Iratzar fundazioko ordezkariak, Iparrorratza bildumaren 11.liburuxka aurkeztu dute, gaur eguerdian, Iratzar gunean.
Hau ez da utopia bat. Utopiari buruzko ohar batzuk dira hauek, asko jota. Utopia zer ez den esaten duen liburua ere bada. Utopikoa ez den eraldaketa politikoa aintzat hartu nahi duen liburua. Utopia eguneroko politika beharrezkotik bereizi nahi duena, batez ere. Utopiaren balioa agerian jarri, baina diferente.
Alba Garmendiak hiru ataletan sailkatu du liburuxka: lehengo atalean, UTOPIA EZKER-ESKUIN, utopiaren “azalpen bat” ematen du, izan zitekeelako beste bat, utopia gauza asko izan daitezkeelako, eta esanahi askoko eta lausoko kontzeptua delako gehienetan. Labur-laburrean, utopia politikoa dela esaten du, ideologia guztietan aurkitzen dela pentsamendu utopikoa, eta gizarte desiragarriak irudikatzean posizionatzea eskatzen duela horrek, utopiaren izaera politikoak. Hori argituta etorriko dira utopiaren ezaugarri zehatzagoak.
Bigarren atalean, DESIRATZEN DUGUN GUZTIA EZ DA UTOPIKOA, utopiaren eta politikaren arteko harremanean sakontzen du, bizpahiru adibide garaikide aitzakia hartuta, diskurtso politiko eraldatzaileen eta iruditeria utopikoen lotura pobrea jartzen du agerian, bi-bien beharra bereizirik aldarrikatzeko. Desiragarria den guztia ez dela utopikoa, eta politika eraldatzaileak, desiragarriak izanagatik, ez direla utopikoak. Aldi berean, utopiko uste den guztia ere ez dela desiragarria eta “ontzat” ematen ditugun zenbait elementu kritikoki aztertzeko gonbidatuz.
Eta hirugarren atalean, “NORBERE PENTSAMENDU BATEN ALDEKO AHALEGINIK GABE, EZ DAGO AMESTERIK, IMAJINATZERIK, PROIEKTATZERIK” gure utopien gaiari heltzen dio marko propioak eta utopia kritikoa zer den azaltzen du Garmendiak, baita utopia kritikoak garatu ziren 1970etako urteetan gurean gertatzen ari zena kokatzen du.
Iparrorratza bildumak ikerketa, gogoeta eta pentsamendu kritikoko planteamendu originalei erantzuten dieten gai berritzaileen liburuak eskaintzen du.
Iratzar Fundazioak Txalapartarekin elkarlanean, gaur egungo eztabaidak jorratzen dituzte liburuxka arinen bitartez, borroka ideologikoa interpretatu eta horretan eragin nahian.
