Jokin Bergarak, “Adaxka lehorrak.Talka ekosozialaren biharamun politikoak" ren autorea, Miren Arangurenek, Ainara Santamariak, Monika Mendiberrik, “Ez dadin bizitza eten”-en idazleak, Garazi Arrulak, Txalaparta argitaletxeko editoreak, eta Andoni Olariagak Iratzar fundazioko ordezkariak, Iparrorratza bildumaren bi liburu berriak aurkeztu dituzte, gaur, goizean,Txalapartako egoitzan.
Iparrorratza bildumak ikerketa, gogoeta eta pentsamendu kritikoko planteamendu originalei erantzuten dieten gai berritzaileen liburuak eskaintzen du. Iratzar Fundazioak Txalapartarekin elkarlanean, gaur egungo eztabaidak jorratzen dituzte liburuxka arinen bitartez, borroka ideologikoa interpretatu eta horretan eragin nahian.
“Adaxka lehorrak.Talka ekosozialaren biharamun politikoak" eta “Ez dadin bizitza eten” Iparrorratza bildumaren 7. eta 8. liburuxkak dira:
Oparotasun materiala eta kontsumo gizartea ezagutu dituen zibilizazioa enbor bat balitz, gaur egungo gizabereak azken adaxkak ginateke, adaxka lehorrak. Nahiz eta idortu, adaxkak badaki bizirauten, ordea, badaki bere burua babesteko mekanismoak aktibatzen eta klima bortitzagoetara egokitzen.
Liburuxka honek, krisi ekologikoaren gaineko analisi politiko eta sozialetik harago, ateak zabaldu nahi dizkio soilik lur kolektiboetan loratzen den itxaropenari. Izan ere, beren burua eta egoera ekonomikoa salbatuko dutelakoan, erraza da sektore sozial zabalek bide ekofaxista hautatzea; horrek bide laburra du, ordea. Gogoeta soziologikoak, politikoak eta pertsonalak tartekatzen dira, betiere argi izpi batzuk eman nahian horren konplexua den mundu beti aldakor eta korapilatsuaren ulermenari.
Zaintza lanetan inplikatuta dauden norbanakoei entzunda Emagin Elkartean egindako lanetik abiatuta, azken urteotan mugimendu feministaren aldarrien erdigunean egon den gaiaz hausnartu dute hiru autoreek. Betiere, askotariko faktoreak kontuan hartuz eta bi ardatz hauen arabera: ikuspegi feminista eta ezagutza kokatua. Izan ere, zaintzaren inguruan sortzen den bereizkeriatik eta gorputzetik ez bada, kamutsa izanen da hartaz esaten dena.
Egungo ereduak dituen mugak eta geruzak agertzean eta haren konplexutasuna ulertzean, lanen banaketa desorekatua gainditu eta bizitza erdigunean kokatuko duen gizarte antolaketa bat osatzeko bidean has gaitezke, ez dadin inoren bizitza eten. Alta, helburu horrek errotiko aldaketak egitea eskatzen du, gure mundu ikuskera beste era batera definitzea. Horretarako, ezinbestekoa izanen da gaur garena baino zaurgarriago, elkarren mendekoago eta eko-mendekoagoak agertzea.
Azkenik, gogoratu Iratzarren esku-hartze eremu nagusia ideien batailan oinarritzen dela, Euskal Herri libre, sozialista, independente, euskaldun, feminista eta burujabe lortzeko estrategiaren zerbitzura, ikuspegi estrategikotik lan egiten duena, epe laburreko erronka, diskurtso eta eztabaidetatik haratago.
IPARRORRATZA bildumak 150 orrialdeko, bi liburu argitaratzen ditu, urtean, poltsiko edizioan, pentsamendu kritiko-politikoarekin zerikusia duten gaiekin; gaurkotasuneko gaiei buruzko beste ikuspegi batzuk ezagutu nahi dituzten irakurleei zuzenduta.